2016/11/03

Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzak eman dizkio Sestaoko Udalari lanean jarrai dezan Txabarri-El Sol gunean

Eusko Jaurlaritzak bederatzi diru-laguntza eman dizkio Sestaoko Udalari lanean jarrai dezan Txabarri-El Sol gunean

-

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak bederatzi diru-laguntza eman dizkio Sestaoko Udalari lanean jarrai dezan udalerriko behealdearen birgaitze urbanistiko eta sozialarekin. Hala, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuorde Covadonga Solagurenek eta Josu Bergara Sestaoko alkateak ezagutzera eman dute joan den irailaren 29an Etxebizitza Sailburuordetzak argitara eman zuela, ebazpen bidez, hirigintza eta eraikuntzako ondarea birgaitzeko laguntza publikoen programa. Programa horrek 73.177,38 euro bereizi ditu Txabarri-El Sol Birgaitze Area Integralean (BAI) hainbat proiektu finantzatzeko.

Lehenik eta behin, 3, 4, eta 5 Unitateen jasotze topografikoa egingo da, bai eta urbanizatze-proiektua idatziko. Horiek horrela, Etxebizitza Sailburuordetzak emandako fondoei esker, Sestaoko Udalak zenbait urbanizatze-proiektu prestatu ahal izango ditu, honako gune hauei dagozkionak: Txabarri kaleko 51 eta 61 zenbakien artean dagoen atzealdea, El Sol parkea eta Vicente Díez parkea lotzen dituen oinezkoen pasealekua, eta Vicente Díez parkea bera. Hiru zona horiei denboraren joana nabarmentzen zaie, horregatik modernizatu nahi dira, itxura gaurkotuagoa izan dezaten, auzoan egiten diren eraikin berrien neurrikoa.

Bigarrenik, Iberia Behekoa deritzan hirigunearen jasotze topografikoa eta azterketa soziourbanistikoa egingo dira. Horien bidez, jardute-eremu bat zedarrituko da, zona andeatu hori hobetzeko ekintza-programa bat planifikatzeari begirakoa.

Azkenik, gauzatuko den hirugarren jarduketa Birgaitze Programa Estrategiko bat izango da, Bizkaiko Labe Garaien Aprendiz Eskolarako eta Sorospen Gunerako. Azterketa horretan bilduko dira udalerriak higiezin horiek birgaitu eta berritzeko dituen helburuak lortzeko beharrezkoak diren jardute-proposamenak.

Orain, Sestaoko Udalak zortzi hilabeteko epea dauka lan horien guztiak gauzatzeko. Nabarmendu behar da ezen jarduketa horiek guztiak ezin hobeto egokitzen direla Eusko Jaurlaritza eta Sestaoko Udala Txabarri-El Sol BAIn bultzatzen ari diren birgaitze urbanistiko eta sozialeko planen barruan. Gainera, ekintza horiek bat datoz Sestaoko Udalak prestatu duen HGII Estrategiarekin (Hiri Garapen Iraunkor eta Integratua). HGII Estrategia, Europaren fondorik jaso ez badu ere, garatuz joango da hartarako beste baliabide ekonomiko batzuk lortu ahal diren neurrian.

Eusko Jaurlaritzaren eta Sestaoko Udalaren arteko lankidetza instituzionala nabaritzen ari da dagoeneko udalerriko behealdean. Egun gauzatzen ari diren proiektuen artean, hauek nabarmentzen dira: 163 etxebizitza publikoren eraikuntza La Punta aldean, zeinak 2017an amaituko diren; Txabarri kaleko 25, 27, 29 eta 31 zenbakien birgaitze integrala, hori ere 2017an bukatzekoa; Txabarri kaleko 33, 35, eta 55 zenbakien berreraiketa, 2017 amaiera eta 2018ko hasiera artean amaitzekoa; eta Abenduaren 25a kaleko 20 zenbakiaren birgaitze integrala, aurreikusitakoaren arabera datorren urterako amaituko dena.

Aurretik, auzoarentzat garrantzi handikoak diren beste jarduketa batzuk gauzatu dira, hala nola 44 etxebizitza sozialen eraiketa Abenduaren 25a kalean eta Karrantza kaleko lau atarien eta Orixe kaleko 6 zenbakiaren eraispena. Programa horiek, erabat hartuta, 20 milioi eurotik gorako inbertsio-zorroa osatzen dute.


Atzera